“Ekonomia zirkularrean aritzea korrontearen kontra igeri egitea da”

“Ekonomia zirkularren oinarriak eta tokiko esperientziak” partekatzeko ikastaroa antolatu du UEUk Udako Ikastaroen barruan eta Tolosaldea Garatzen elkartearekin elkarlanean. Natxo Irigoien Iriarte Nafarroako Unibertsitate Publiko irakasle eta UEUkidearekin, eta Joseba Sanchez Arizmendiarrieta Ingurumen aholkulariarekin izan ginen ikastaroa hasi aurretik.

Ekonomia zirkularra zer den, zertarako. Hortik abiatuko duzue ikastaroa. Oraindik ere ez dago zabalduegi?
Ekonomia Zirkularra egunez egun gure beharrak asetzeko garatzen eta hedatzen ari den eredu ekonomiko bat da, naturaren baliabideak eta gizartearen balioa goratzea bilatzen duena.

Zerbitzu eta produktuen diseinuan oinarritzen da naturan eta pertsonengan eragin positiboak sortzeko. Ekonomia zirkularrean baliabide berriztagarriak kontsumitzen dira, naturaren zikloen erritmoak errespetatuz, bere etorkizuneko erabilera ziurtatzeko. Baliabide ez berriztagarriak berriz, finituak direnez, arduratsuki erabiltzen ditugu, ez ditugu kontsumitzen. Material ez berriztagarriak direnez, egindako produktu hauek partekatzen, berrerabiltzen, zaintzen, konpontzen, berreraikitzen ditugu; eta, azken aukera bezala, haien lehengaiak birziklatzen ditugu.

Nola azalduko zenukete labur labur?
XXI. mendeko gizartearen aukera XXII. mendeko lur planetan gizakiak oraindik egon daitezen. Gauzak ez hain gaizki egitetik, gauza onak egitera pasatzea. Efiziente izatetik, eraginkorra izatera jauzi egitea.

Tolosan izango da ikastaroa. Zergatik Tolosaldean?
Alde batetik, Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean aspaldi gabiltza eskualdean ekonomia zirkularra aplikatzeko liburuxka zuria sortzeko prozesuan. Proiektu horren barruan, formakuntza ezinbestekotzat hartu zen. Bestalde, gu biok askotan izan gara UEUko ikastaroetan irakasle, hizlari, etab. Horregatik, UEUko arduradunekin komentatu genuen oso egokia izan litekeela biak elkartzea eta ikastaroa Tolosaldean planteatzea.

Ez da dena teoria izango. Hainbat esperientziaren berri emango duzue ikastaroan
Ikastaro honetan ekonomia zirkularra zer den erakutsi nahi da. Horretarako ezinbestekoa da ikasleek teorian ikusitakoa praktikoki nola aplikatu daiteken ikustea. Horregatik, ekonomia zirkularra aplikatzen erreferenteak diren Nafarroako zein Tolosaldeko hainbat enpresa bisitatuko ditugu.

Zuk Natxo, aurreko elkarrizketa batean esaten zenuen ekonomia linealean oinarritutako Europa batek ezin zuela urrutira joan, baina ekonomia zirkularrera bidean traba asko dira oraindik. Zein da egoera?
Gure sistema ekonomiko, politiko, legegile eta soziala garatu egin da urteetan ekonomia linealaren logikaren barruan. Azken hamarkadatan lehengai mugatuen kontsumo zoroa artifizialki merkatu eta saritu egin dugu, naturari kalte eginez. Bitartean gizarteari onurak ekartzen dizkion eskulana garestitu dugu zergen bidez. Adibidez, gaur egungo joko arauekin pertsonen egarria asetzeko business handiagoa eta erosoagoa da plastikozko ur botilak erabiltzea edalontzi batekin txorrotako ura edatea baino. Ekonomia zirkularrean aritzea korrontearen kontra igeri egitea bezala da.

Dena den gauzak azkar aldatzen ari dira. Dagoeneko Europar Batasunak marko orokorra aldatu egin du. Ekonomia Zirkularraren lehenengo pakete legegilea onartu zuen 2018ko ekainean eta honek mugiarazi egin ditu Estatu, Erkidego eta Udal guztien joko arauak zaborren kudeaketaren inguruan. Dagoeneko ekoizpenaren inguruan diharduen ekonomi zirkularraren bigarren arau paketeaz mintzo dira, eta honek gauzak oraindik gehiago mugiaraziko ditu. Gainera lehengaien eta erregai fosilen prezioen gorakadek ekonomia zirkularreruntz trantsizioa azkartzen dute.

Zu Joseba ingurumen aholkularia zara. Formakuntza aldetik ere hutsunea ikusten duzue?
Ekonomia Zirkularraren kontzeptua askotan entzuten dugun arren, ez dira ezagutzen horren inguruko nondik norakoak. Gehienetan hondakinekin erlazionatzen dugu, baina ekonomia zirkularra kontzeptu askoz ere zabalago eta sakonagoa da; munduan gaur egun dugun gizarte ereduaren arlo askorekin erlazionatua.

Norentzako da ikastaroa eta zein da azken helburua?
Azken finean, gizartean ekonomia eredua aldatzeko akuilu bat behar da. Eta zeinek egin behar du lan hori? Udal teknikariei, profesionalei, kargu politikoei zuzenduta dago bereziki. Hala eta guztiz ere, gizarte guztiari zuzenduta dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude