Politika -

'Judasen erretzea'

Generalitateak eta JxCatek 'Judasen erretzea' salatuko dute, gorroto delituagatik

Ehunka lagun izan ziren igandean "Judasen erretzea"ren lekuko. "Gizartearen kalterako" diren pertsona ospetsuen irudiak erre ohi dituzte ospakizun horretan, eta aurten Puigdemont izan da protagonista.

'Judasen erretzea' Coripen (Sevilla). ETBren bideo batetik ateratako irudia
'Judasen erretzea' Coripen (Sevilla)
Kataluniako gobernuak gorroto delitua ikusi du Coripeko Puigdemonten erreketan

1:33

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torraren Gobernuak eta JxCatek bi salaketa aurkeztuko dituzte Sevillako Coripe udalerrian Carles Puigdemont Kataluniako presidentea irudikatzen zuen panpina erretzeagatik, horren atzean gorroto delitua egon litekeela iritzita.

Ehunka lagun izan ziren igandean urtero egin ohi duten "Judasen erretzea"ren lekuko. Esan bezala, oraingo honetan Carles Puigdemont izan zuen protagonista. Antza denez, "gizartearen kalterako" diren pertsona ospetsuen irudiak erre ohi dituzte bertan.

"Gertatutakoa nazkagarria da, eta salatu egingo dugu", esan du Quim Torra presidenteak Twitterren.

Kataluniako Gobernuko iturriek zehaztu dute Torrak dagoeneko Pere Aragones presidenteordearekin hitz egin duela, eta Generalitateko zerbitzu juridikoei kasua aztertzeko eskatu diela. Horrenbestez, espero dute asteazkeneko Gobernu bileran salaketa onartzea eta aurrera eramatea.

Bestalde, JxCateko iturriek azaldu dute beste salaketa bat jarriko dutela Fiskaltzan, gorroto delitua egon ote den aztertzeko.

Gainera, Sevillako aipatu udalerriko Antonio Perez alkate sozialistari kargua uzteko eskatu dio JxCatek.

Urkulluk "tamalgarritzat" jo du gertatutakoa

Iñigo Urkullu lehendakariak Coripen gertatutakoa deitoratu eta jarrera aldaketa eskatu du hauteskunde kanpainaren azken astera begira.

Urkulluren iritziz, "akusazioak eta kexak" izan dira hasieratik kanpainaren protagonista, eta beraz, "aspalditik aurreikus zitekeen modu honetan amaitzea".

Coripeko alkateak garrantzia kendu dio gertatutakoari

Coripeko alkateak garrantzia kendu nahi izan dio Puigdemonten irudia erretzeari. "Urte asko dituen ohitura da, eta ondo jokatu ez duen pertsonaia publiko baten satira besterik ez da", azaldu du.

"Gizartearentzat kaltegarria izan den pertsona baten irudia herritik paseatzen dute bizilagunek, irainak jasotzen dituen bitartean. Ondoren, pikondo batetik eskegitzen dute panpina eta tiroak jasotzen ditu, erre orduko", gaineratu du.

Horregatik, alkateak uste du ez zaiola garrantzi gehiago eman behar. "Aurreko urteetan Barbara Rey, Jose Maria Aznar edota Ana Julia Quezada irudikatzen zituzten panpinak erre dituzte, baina ez da inolako polemikarik egon", berretsi du.

Puigdemonten ustez, gorroto mezua zabaldu dute

Puigdemontek Twitter bidez eman du bere iritzia. "Gorroto mezu bat da, eta gorrotoa zabaltzea soilik bilatzen du", azpimarratu du. Halaber, ospakizun horretan adin txikikoek parte hartzea deitoratu du, "indarkeria orgia" baten parte izan direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Delituak azken ordukoa Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont JxCat azken ordua Salaketak