Politika -

Auzitegi Nazionala

Lupiañez ETAko kideari 50 urteko zigorra jarri diote bahiketa eta lapurretagatik

Atentatu bat egiteko erabili zuten autokarabana bat lapurtzea eta jabearen familia bahitzea leporatzen diote.

Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB
Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB
Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak Fiskaltzak eskatzen zuen 50 urteko kartzela zigorra jarri dio Gorka Joseba Lupiañez Mintegi ETAko kideari, familia bat bahitzea (bikotea eta lau urteko semea) eta hauen autokarabana lapurtzea leporatuta. Autokarabana hori atentatu bat egiteko erabili zuten 2007an.

Legez kanpoko atxikitzeagatik, mehatxupean lapurretan egiteagatik eta lehergailuak edukitzeagatik ezarri diote 50 urteko kartzela zigorra. 112.206 euroko kalte-ordaina ere eman beharko dio familiari, kalte psikologiko eta materialengatik. Gainera, lehendik 11 urteko zigorra betetzen ari zen.

Auzitegiaren ebazpenean agertzen denez, "datu objektiboak" daude akusatuak ekintza horietan parte hartu zuela frogatzeko. Izan ere, bere arrasto genetikoa aurkitu dute familia bahituta eduki zuen etxebizitzan zeuden izara eta lozorro batean.

Datu horrekin batera, Lupiañezek aitortu zuen etxe horretan lo egin zuela, eta biktima batek azaldu zuen haien logelan egin zuela lo bahitzaileetako batek.

Ebazpenean frogatu dutenaren arabera, 2007ko abuztuaren 24ko goizaldean, Durangoko Guardia Zibilaren kuartelaren aurkako atentatua izan eta lau ordura, Lupiañez eta beste hiru lagun autokarabana batean sartu ziren Landetako aparkaleku batean. ETAko kide gisa aurkeztu zuten euren burua, eta ibilgailuaren giltzak emateko eskatu zioten barruan zegoen familiari, armen mehatxupean.

Hala, ibilgailua eraman zuten, eta biktimak bahitu eta Pirinioetan alokatutako etxe batera eraman zituzten.

Etxe hartan, ebazpenaren arabera, Lupiañezek familia bi gau izan zuen bahituta, bere kideek autokarabana Castellora eraman eta han leherrarazten zuten bitartean. Atentatu horregatik 8 urteko kartzela zigorra jaso zuten Igor Portuk eta Mattin Sarasolak, 2006an T-4an atentatua egin zuten ETAko kideek.

Horren ostean, bahitutako familia Landetako baso batera eraman eta bertan beste gau bat pasa zuten. Azkenean, mendi inguru batean utzi zituzten libre.

Lupiañez 2007an atxilotu zuten, eta 2009an 11 urte eta 11 hileko zigorra ezarri zioten ETAko kide izatea egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Politika Delituak bideoak Bahiketak albisteak ETA gaur Epaiketak bideoak Gaurko azken orduko albistea Lapurretak albisteak